lunes, 24 de noviembre de 2014

Abertzalea, puntu-puntuan



Echar sal en la herida es una especialidad de los abertzales. Horrela idatzi berri du Estatuko erreferentziazko egunkari bateko erreferentziazko iritzigile batek Gregorio Ordoñez zenaren arrebak bere sasoian entzun behar izan zituen komentario arbuiagarriak edota Inaxio Uriarenak mezu baten bitartez kalifikazio gozorik merezi ez duen pertsona batek ETAren anagrama bidali ziola gogoratuz. Biak ala biak, erakunde armatuak eraildako euskal herritarrak ziren, eta abertzaleon espezializatea omen da haien familiengan utzitako zauri osatu ezinezkoan gatza botatzea.

Artikuluak ideologia alderdikoieta asmo txarreko ironia izan arren horiek ez zaizkit arraro egin euskal abertzaletasunaren aurkako sentimendu argia erakusten duten egunkari eta kazetari batengan- kasu konkretu hauei dagokionez ados egotea besterik ez zait geratzen. Dena dela, konpartitzen ez ditudan argudio sorta alde batera utzita, abertzale hitza hain testuinguru gaiztoan erabiltzeak eman dit minik handiena.

Ez da nire asmoa iritzi zutabearen idazleari errua kentzea, asmo gaiztoz aritu dena dudarik gabe, baina onartu beharrekoa da bere argumentaziorako Kode Penalaren 578 artikulua transkribatzeko ardura hartu duen kazetariak hizkuntza espainolaren akademiak bere intereserako aproposa den moduan jasotzen duela termino hori bere hiztegianAbertzale: Dicho de un movimiento político y social vasco, y de susseguidoresNacionalista radical. Hau da, abertzale garenok erradikalak omen gara Estatuko hitz biltegi nagusiaren arabera.

Asko eztabaidatu da azken asteotan hizkuntza espainolaren hiztegiaren eguneraketa dela eta. Komunikabideetan ere pena eta irribarrea tartekatzeko moduko eztabaida tamalgarriak sortu dituzte, amigovio edota papichulo bezalako garrantzi gabeko hitzen inguruan. Egunotan, halere, inork ez du txintik ere esan abertzale hitzaren zentzua bere horretan mantendu delako –egin zuten pertsona gutxi batzuk, tartean Iñaki Anasagasti senatariak, hiztegiratu zenean- nahiz eta etimologikoki ez den hori bere esanahi zuzena. Bide batez, lerro hauen bitartez, ijitoenganako elkartasuna adierazi nahi dut, gitano hitzaren adiera ere ez delako bidezkoa RAEren entziklopedian: “Queestafa u obra con engaño. Logika bera erabiliz, politiko hitzak ere adiera berdintsua izan ahal du hiztegiaren hurrengo eguneraketan, zenbait alderdi politikotan ere engainu bidez jokatu eta iruzur egiteko dagoen zaletasuna ikusita.

Euskara apur bat jakitea besterik ez da behar –edo gutxieneko interesa- abertzale hitza aberri substantiboa eta zale atzizkia lotzetik datorrela. Aberria maite duena, hain zuzen ere. RAEkoek badute gaztelaniazko berba horren adiera: patriota, baina honako honetarako esanahia askoz gozoagoa dala persona que tiene amor a su patria y procura todo su bien. Ironiarako beste lizentzia bat hartuta, esan genezake Euskal Herria maite duten abertzaleak erradikalak direla baina gaztelania nagusi diren herrietakoek -Espainia tartean, jakina- bere herriarentzako onena baino ez dutela nahi. Fatxa batzuk direla ere esan ahal zuten, hainbat leku eta testuingurutan horrela erabili ohi dela kontuan hartuta, baina ez dute horrelakorik egiten. Eta ondo egiten duteRAErena errespetua merezi duen hizkuntza baten hiztegia delako; beste hizkuntza guztiek merezi duten errespetu berbera, batez ere hain gertukoa denean eta espainola bezain errespetagarria edo gehiago.

Gaitzesten dut, beraz, abertzale hitzaren erabilera negatibo hori, abertzale diren batzuen zenbait jokabide gaitzesten ditudan moduan. Hauek ez dute osotasuna kalifikatzen, ezta ordezkatzen ere. Ni neu abertzalea naiz, baina ez naiz inolako giza eskubideen aurka dagoen muturreko gizasemea ere, eta ez da nire espezialitatea inoren zaurietan gatza botatzea; are gehiago, nire iritziz jokabide hori bihozgabea, nazkagarria eta gaitzestekoa da, inolako zalantzarik gabe. Elkarbizitzak ia mende erdiko biolentziaren eraginez zabaldutako zauriak sendatzeko pazientzia eta aldeko jarrerak behar ditu, nahiz eta oraindik badagoen gazitu eta ozpindu nahi dituenik: batzuk kaleetatik eta beste batzuk komunikabideek eskaintzen dizkien pulpituetatik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario