miércoles, 7 de septiembre de 2016


Erreskateak
Gaurko prentsa irakurtzerakoan berri harrigarria ikusi dut; Espainiako Gobernuak bankuei utzitako 51.303 milioietatik %5,23 baino ez duela berreskuratu oraingoz. Oraindik gogoan dut, Senatuko kontrol saio batean Rajoyk berak adierazi zuela Espainiako Gobernuak bankaren erreskaterako erabilitako diru guztia errekuperatuko zuela. Bitartean, diru hori jaso zuten bankuek milioika eta milioikako onurak izan dituzte, esate baterako, Bankia bera.
Diru kopuru horiek ikusita, ‘Zaporeak’ talde gipuzkoarra datorkit burura eta Greziako Chios irlan egiten ari diren lana azpimarratu nahiko nuke. Errefuxiatuen arazoak Grezian azaldu zirenean, donostiar talde bat, Peio Garcia Amianoren eskutik, lanean jarri zen hain latza den egoera horri laguntza emateko, beste euskal talde askoren moduan. ‘Zaporeak’ taldeak, egunero-egunero 1.700 otordu baino gehiago ematen ditu. Lan zoragarria. Baina egun hauetan ikusteko aukera izan dugun moduan, lan horretan dena ez da gozoa; errefuxiatuen aurka dauden hainbat talderen erasoak jasaten ari direlako noizbehinka. Lerro hauetatik, nire besarkada handiena ‘Zaporeak’ taldearentzat eta bertan dauden boluntario guztientzat.
Uda aurretik, Europar Batasuna eta Turkiaren arteko akordioaren inguruan ere luze mintzatu ginen. Europar Batasuneko Kongresu eta Senatuko batzordean izan ziren negoziaketetan parte hartu nuen; egungo egoera ez da egun haietakoa. Negoziazio haien baitan, Turkiak aspalditik aurrera atera nahi zituen asmoak bete zituen; hala nola, bisatuaren beharrik ez izatea Europar Batasunean sartzerakoan, Europako Batasunan integratzeko prozesua mugitzea…
Orduan zalantza handiak zeuden Turkiak Giza Eskubideetako estandarrak betetzen ote zituen; une honetan eta Estatu kolpearen saiakera ikusita, inork zalantzan jartzen al du Turkiak ez dituela Giza Eskubideen errespetuzko minimoak betetzen? Beraz, legitimoa al da Europar Batasunak Turkiarekin etorkinen inguruan duen akordioa, edo nahi eta nahi ez Europar Batasunak bere irtenbide propioa bilatu behar du hain larria den etorkinen egoera honetan?

No hay comentarios:

Publicar un comentario