domingo, 11 de septiembre de 2016

 
Felicitats, Catalunya!
Bartzelonan Diada ospatzen ari garela sentsazio asko datozkit burura, azkeneko ordu hauetan hainbat irudi igaro direlako nire begien aurretik. Atzo mahai inguruan parte hartzeko aukera izan nuen hemengo Euskal Etxean, ezker abertzalea eta Podemoseko jendearekin batera; Alderdi Popularra zein Alderdi Sozialistako politikariak ez ziren ezta animatu ere egin. Egia da eurentzat ez dela mezu erraza, baina pixkanaka-pixkanaka jakitun izan behar dira bai Euskadin zein Katalunian alderdi ‘erresidual’ moduan geratzen ari direla. 2009ko hauteskundeetan Euskadiko alderdi sozialistak 25 eserleku lortu zituen; egia da ezker abertzalearen ilegalizazioaren ondorioz izan zela ere, baina jaitsiera handia iragartzen zaie; zortzi eserlekuraino. Eta bi alderdi nagusien batuketa eginez, Estatuan %63 suposatzen dutena hemen laurdenera ere ez dira ailegatzen.
Kataluniari helduta, Puigdemont Presidentearekin egoteko aukera izan dugu hemen. Oso mezu garbia zuzendu dio Rajoyren Gobernuari: Estatua Kataluniarengandik urrutiratzen ari da; deskonektatzen ari da. Erakundeen ekitaldian arduradun instituzional askorekin egin genuen topo, baita Madrilen lankide ditugun askorekin ere, eta haien mezua oso egokia izan zen egun horretan El Born zentroan egindako ekitaldian; hain zuzen ere, Katalunia jendea jasotzen duen herriarena: arraza ezberdin, kultura ezberdin… denak ongi etorriak direla lur hauetara.
Diadan gertatutako gauza batzuek ere hausnarketarako eman didate: ostiral arratsaldean Esquerra Democràtica de Catalunya alderdiak Partit Demòcrata Català alderdirik gabe ekitaldi bat antolatu nahi izatea zerbaiten adierazgarri da; aldi berean Colau alkatea PP, PSC eta C´s talde politikoengandik urrutiratu nahi izan dute. Gaur, igandea, Casanovari lore eskaintza egin diogu PDCkoekin batera. Oso momentu hunkigarria izan da hain esanguratsua den unea alderdi honetako gure lagunekin batera ospatzeko aukera izatea.
Momentu hauetan Katalunia tentsio momentuak bizitzen ari da Estatuko hainbat botererekin: Auzitegi Gorenarekin; Consuelo Madrigal, Estatuko fiskalak, mehatxua erabili du Kataluniaren aurka; eta Garcia-Margallo ministroak terrorismoarekin lotuz erabili du Katalunia. Kataluniak behar duena batuta mugitzea da; batuta gizartea eta batuta alderdi politiko guztiak etorkizuneko fruituak elkarrekin jaso ditzaten. Alderdi politikoren batek abantaila elektorala atera nahiko balu, prozesuak berak sufrituko luke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario