lunes, 3 de octubre de 2016


Ez dago akordiorik bakearen prezioaren inguruan

Ezezkoa jaso du Juan Manuel Santosen Gobernuak eta  Timochenko’ ezizeneko Rodrigo Londoñoren FARC, Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen erakundeak lortutako akordioak; %62ko abstentzioarekin eta %0,5eko aldearekin, herriak ez du berretsi adostasun hori.
Esan beharra dago, lehenengo eta behin, ez dutela jakin emaitza aurreikusten galdeketa egin aurretik; beste alde batetik, porrot berri bat da herritarrei galdeketak proposatzen dituzten gobernuentzat, hauek exekutiboek aurreikusten zutena erantzuten ez dutenean. Berdin Kolonbiako bake prozesua izan, zein Brexit edota Hungarian errefuxiatuak ardatz moduan zuena.
Kolonbiako kontsultan azpimarratzekoa izan da prozesuak izan duen polarizazioa. Aipatzekoa da, baita ere, Hegoamerikako herrialde honetan hauteskundeek parte hartze txikia izaten dutela jakin arren, oraingoan are handiagoa izan dela abstentzioa. Hain garrantzitsua den prozesu honetan, honek Gobernuari edozein erabaki hartzerakoan konfiantza nahikorik ez ematea eragiten du, emaitza batekoa zein bestekoa izan.
Galdeketaren emaitza porrot izugarria da Santos presidentearentzat; bake prozesua bere agintaldiaren ardatz handienetako bat bihurtu nahi izan duelako, baina lortu duena, seguru asko, bere arerio politikoa indartzea baino ez da izan, Centro Democrático alderdiko Alvaro Uribe, hain zuzen ere.
Nazioarte mailako agintariak bertan zirela, irailaren 26an FARCek eta Gobernuak Bake Akordioa sinatu eta gero, munduko herrialde gehienek lasaiago hartu zuten arnasa. Aurreikuspenen arabera, galdeketak baiezkoa jasoko zuen bi digituko aldearekin, baina, beste behin, errealitatea gordina dela ikusi dugu; agian gauzak ez dira egon nahikoa helduta Kolonbian sufrimendu handia eragin duen egoera beltz hau horren azkar atzean uzteko.  
52 urteren ostean; 220.000 hildakorekin, gehienak zibilak; zazpi milioi biktimarekin, bai desagertze, bortxatze zein bahitzeen ondorioz; eta biolentziaren eraginez zazpi milioi pertsona herrian zehar hara eta hona ibili beharra izan ostean; herritarren zati handi batek ez ditu ontzat ematen FARC erakundeari egin zaizkion kontzesioak.
Bakea beharrezkoa da. Horrela pentsatzen dute kolonbiar guztiek. Baina, antza denez, asko ez daude ados bakeari jarri dioten prezioarekin. Santos presidenteak beste erronka bat du: nola jarri ados FARC erakundea eta atzo ezezkoa bozkatu zioten herritarrak. Ikusiko dugu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario