lunes, 14 de noviembre de 2016


Akordea behar duten ahots palestinarrak
Joan den astean hamabi urte bete ziren Palestinako Agintaritzako presidentea zen Yasser Arafat hil zenetik. Nire iritziz, Arafat XX. mendeko buruzagi politiko garrantzitsuenetako bat izan da, hala ere, politika munduko beste pertsonaia handi batzuei gertatzen zaien bezala, seguruenik gehiago baloratu dute bere influentzia eremutik kanpo, barne eremuan zalantzan jarri duten bitartean.
Mahmud Abás-i ere horrelako zerbait gertatzen zaiola uste dut; adibide moduan, esan genezake Palestinako herritar askok ez zutela ulertu Shimon Peresen hiletara joan izana, Israelgo buruzagia kolonoen kokalekuak lurralde palestinarrean hedatzeko prozesua martxan jarri zuenetako bat izan baitzen. Edozein herrialde demokratikotan eman daitekeen egoeraren antzekoa da; gizartearen sektore desberdinek zalantzan jartzen dituzte buruzagi politikoak; higiene demokratikoagatik egiten da. Ona da.  
Halere, Palestinan espezifikotasun garrantzitsua ematen da: Fatah eta Hamas alderdiek esparru politiko desberdinak ordezkatzen dituzte, euren artean etengabeko gatazkan dauden esparruak. Hori dela eta, ahulezia egoera handian geratzen dira, eta beste aldekoek aprobetxatu egiten dute. Esate baterako, Palestinan ez da egin Parlamentua aukeratzeko hauteskunde demokratikorik 2006tik hona. Horrek esan nahi du, herritarrek ezin dutela iritzirik eman euren ordezkariak hautatzerakoan, eta, gainera, euren argudioak ahuldu egiten ditu Israelekin duten harreman gatazkatsuaren aurrean nazioarteko zuzenbidea bete behar dela aldarrikatzerakoan.
Bi irudi etortzen zaizkit burura Yasser Arafat gogoratzerakoan: lehenengoa, Palestinako Agintari nagusia bere kuartel nagusian Israelgo bonbardaketari eusten; erabat suntsituta zegoen eraikin batean baina, hala eta guztiz ere, Israelgo armada eta gobernuaren presioari eutsiz.  
Bigarren oroitzapena, Osloko Akordioen ingurukoa da; Palestinako lurraldeetara itxaropena ekarri zuen akordioa izan zen baina, urteek aurrera egin ahala, frustrazio handiagoa baino ez duena eragin. Israelek ez ditu bete akordioan jasotako eginbeharrak eta, tentsioa sortzeaz gain, buruzagi palestinarrek euren herritarren aurrean duten posizioa ahuldu ere egin dute.
Dirudienez, hilabete gutxi batzuk barru tokiko hauteskundeak egingo dira Zisjordanian eta Gazan; joan den hilean egitekotan ziren, baina atzeratu egin dituzte. Argitu gabeko zalantza asko daude hauen inguruan: Fatah-ren ustez, Hamas ahulduta dago; euren iritziz, Gazan antzematen den baliabideen eskasia kaltegarria izango da Hamasen Gobernuarentzat. Ikusiko dugu zer gertatuko den, baina Gazan tentsio handiko giroa dago.
Jendeak bere iritzia eman ahal izatea ahalbidetzen duen edozein prozesu ona da, berez, baina nire iritziz, Arafat bizirik izango balitz, lehentasun bat izango luke bere eginkizunean: Palestinak ahots bakarra eta adostua izan dezala munduan. Horrekin, Palestinarekiko errespetua bultzatuko luke nazioarte mailan eta, batez ere, tresna oso garrantzitsua emango lioke: Israelekin akordioak bilatzerakoan nazioarteko zuzenbidea eta nazioarteko harremanak erabili ahal izateko legitimitate handiagoa.
Arafat desagertu zela hamabi urte bete direnean, Palestina egoera hobean ala txarragoan dago? Seguru asko, ez zen aldaketa nabarmenik emango; agian estrategia berriak lantzeko garaia da, eta horretarako lehenik eta behin barrutik demokratizatu beharra dago.

No hay comentarios:

Publicar un comentario