sábado, 12 de noviembre de 2016

  
Azaro ilunak Palestinan
Azaroa ez da hilabete erraza izaten palestinarrentzat. Aurtengoa ere gogorra izango da, Donald Trump Washingtongo Etxe Zurira heldu delako, bertako izar distiratsuena bihurtuz; eta eskuindar bortitz honek ez du inoiz arazorik izan palestinarren laguna ez dela adierazteko. Aitzitik, bere inguruko pertsonek finantzatu dute Netanyahuren kanpaina eta, aurreratu duenaren arabera, prest omen dago Estatu Batuek Israelen duten enbaxada Jerusalenera lekuz aldatzeko. Beraz, orain arte israeldarrek Estatu Batuak lagun izan badituzte, badirudi Donald Trumpek areagotu dezakeela adiskidetasun hori. Gainera, ikusi egin beharko da zer gertatuko den aurrerantzean orain arte palestinarrei zuzentzen izan dizkioten diru laguntzekin.
Hasierara bueltatuz, azaroa palestinarrentzat ez dela hilabete erraza izan nioenean, hilabete horretan gertakizun garrantzitsu ugari eman izan delako adierazi nahi nuen; denak, gainera, lotura berarekin: Palestinaren partiketa.
Datorren urteko azaroaren 2an 100 urte beteko dira Balfour adierazpena gauzatu zenetik; honen bitartez Britainia Handiko Gobernuak “judutarren etxea” izango zena Palestinako lurretan eraikitzen hasteko babesa eman zuen. Datorren urteko azaroaren 29an 70 urte beteko dira Nazio Batuek 181 erresoluzioa onartu zutenetik, Palestina bi estatutan zatitzen zuena.
Hori gutxi ez eta, ekainean izan arren, beste urteurren berezi bat ere beteko da datorren urtean; hain zuzen ere, 50 urte beteko direlako Sei Egunetako gerra eman zenetik. Horren ondorioz Israel 20.000 kilometro koadro izatetik 102.400 kilometro koadro izatera pasatu zen. Nazio Batuen iritziaren aurka eta potentzi askoren iritziaren aurka Israelek, egun gutxi batzutan, Gaza, Zisjordania, Jerusalengo Hiri Zaharra eta Golan eskuratu zituen.
2017an etorriko diren urteurrenekin jarraituz, hogeita hamar urte beteko dira lehen intifada gogoangarriari hasiera eman zion gertaera eman zenetik; Yabaliako errefuxiatuen gunean Israelgo militarrek lau langile palestinar hil zituzten, palestinarren haserrea eta borroka eraginez, harriak jaurtiz baino ez bazen. Orduz geroztik, noizbehinka, horrelako intifadak izan ditugu, denok ezagutzen ditugun emaitza larriekin.
Beraz, datorren urteak urteurren berezi asko ekarriko dizkigu. Bitartean, Netanyahuk kolonizazio prozesuarekin aurrera jarraitzea erabaki du; Espainiako Gobernua guzti horren aurka azaldu da, eta zoriontzeko jarrera da, baina benetako presio internazionala gauzatzen ez den bitartean Israel oso eroso sentituko da, eta Washingtongo Etxe Zurira heldu den maizterrak ez du palestinarren egoera errazagoa egingo. Hollande presidente frantziarraren saiaketa hutsala gertatu eta gero, badirudi Putinek lekukoa hartu nahi duela bake prozesu bat ireki nahian.
Hango egoerak ez dauka ez hankarik ez bururik; estatuek euren burua zuritzeko Palestinara dirua bidaltzen duten bitartean, beste aldetik Israelgo Estatuarekin lanean jarraitzen dute. Bitartean, hango hainbat lurralde oso egoera txarrean daude; Gaza batik bat. Serio heldu behar zaio honi, bestela, pixkanaka hiltzen joango den gaia izango da; eta palestinarrentzat, iluntzen.
 

No hay comentarios:

Publicar un comentario